Valter Tauliren ideietatik abiatuta, liburu honetan euskararen egungo egoera aztertzen da, baina ohikoa ez den ikuspegitik. Hizkuntzalari estoniarraren ustez, hizkuntzaren efizientziaren garrantzia ez da aski nabarmendu. Eta ez da egia hizkuntza guztiek konpetentzia komunikatibo berdina lortu dutenik beren alderdi guztietan: sintaxian, morfologian, hiztegigintzan, fonologian eta abar. Alegia, hizkuntzek muga nabariak dituzte, nahiz eta muga horiek gainditzen ahal diren, zeren hiztunek, berez, hizkuntza erraz eta eraginkorra garatzeko joera naturala baitute. Bestalde, Tauliren iritziz ere, instituzioen interbentzioa komenigarria izaten ahal da corpusari dagokionez, baldin eta zenbait alderditan hizkuntzak mugak dituela kontsideratzen bada. Helburua ez litzateke zuzentasuna, baizik eta erraztasuna eta gaitasun komunikatiboa.
Liburu honetara lau idazle bilarazi ditugu: Xabier Amuriza, Iñigo Lamarca eta beste bi hizkuntzalari, Haitao Liu eta Jesus Rubio. Guztiek ideia pertsonalak badituzte ere, antzeko proposamenak aldarrikatzen dituzte: adibidez, aditzak sinplifikatzeko eta sintaxi eraginkorragoa garatzeko premia, bi baldintza horiek derrigorrezkoak baitira hizkuntza konpetente bat lortu ahal izateko.
عن المؤلف
MIKEL MENDIZABAL ITUARTE (Donostia 1963). Hizkuntza irakaslea, hizkuntza bakoitzaren gainean hausnartzeko interesa du: morfologia desberdinen konplexutasuna dela, sintaxi aukerak, hiztegigintza eta abar. Soziolinguistikarekin zerikusia duten hainbat gai ere interesatzen zaizkio: elebitasuna, kode aldaketa, hizkuntza-ukipena, egoera diglosikoa, hizkuntzen konplexutasuna, eta baita planifikazioa ere, besteak beste. 2014an Hizkuntzen berdintasun komunikatiboa: mitoa ala errealitatea liburua argitaratu zuen.
HAITAO LIU CHEN (Shanxi, 1962). Zhejiang Unibertsitateko hizkuntzalaritzako irakaslea. Esperanto Akademiako kidea. Honako gaiak lantzen ditu: Humanitate Digitalak, Zientzia Kognitibo Konputazionalak, Hizkuntza Plangintza eta Interlinguistika. Bere liburu berri batzuk dira: Mendekotasun-harremana eta hizkuntza-sareak (2022) eta Hizkuntza- plangintza ikastaroa (2023), biak txineraz idatziak. Hizkuntzari eta hizkuntzalaritzari buruzko 300 argitalpen zientifiko baino gehiago idatzi ditu.
JESUS RUBIO PEÑA (Barakaldo, 1961). EHUko Ekonomia Fakultatean Analisi Ekonomiko eta Ekonomia Publikoan doktorea da. Masterra egin zuen Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologian EHUko Letra Fakultatean eta irakasle-ikerlaria da Metodo Kuantitatiboak Sailean, EHUko Ekonomia Fakultatean. Euskararen garabideak argitaratu zuen 2002an (ALBERDANIA). Egunero idazten du euskarari eta hizkuntzalaritzari buruz bere balbula. blogspot.com blogean.
XABIER AMURIZA ZARRAONAINDIA (Etxano, Zornotza, 1941). Idazle oparoa, joan den mendeko 80ko
hamarkadan bertsolaritzaren berritzailea izan zen. 2012an Zazpi ebidentzia birjaiotzarako liburua argitaratu zuen, non hainbat funtsezko gairi buruz iritzia eman zuen: erlatibozko esaldiak, sintaxia, aditza erraztearen beharra, lexikoa eta abar. Bere azken nobelan, Uharte bat Venusen (2021), euskara errazagoan hitz egiten zuen zibilizazio bat aurkezten zaigu.
IÑIGO LAMARCA ITURBE (Donostia, 1959). Euskara irakaslea izan zen, Zuzenbidean lizentziatu baino lehen. Zenbait komunikabidetako kolaboratzailea izan da: Zeruko Argia, Euskaldunon Egunkaria, Euskadi Irratia eta Euskalerria irratia. Gaur egun, astero zutabe bat idazten du euskaraz El Diario Vascon. 1999an Gay nauzu (ALBERDANIA) plazaratu zuen. EAEko Arartekoa izan da, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako legelaria da.